Kalea Maixu! programa

Eskola-orduz kanpoko jarduerak
euskalduntzeko egitasmoa


Kalea Maixu! egitasmoa zer den
Kalea Maixu! programaren bidez, Lasarte-Orian haurrentzat eta gazteentzat antolatzen diren jarduerak euskaldundu nahi dira.

Horretarako, haur-gazteekin lan egiten duten elkarte eta erakundeekin hitzarmenak sinatzen dira. Hitzarmena izenpetzen duen orok, bere elkartea euskalduntzeko borondatea agertzen du, eta, bere egoera zehatzetik abiatuta, proposatu zaizkion aurrerako urrats jakinak ematen ditu.

Jakina, laneko programa aurrera ateratzeko, elkarteei laguntza ematen zaie, hainbat zerbitzu eskura jartzen zaie eta abar.

Kalea Maixu! egitasmoko elkarteak

Kalea Maixu! egitasmoko zerbitzuak
herriko elkarteentzat

Dakizuen bezala, hainbat zerbitzu daude jasota Kalea Maixu programan, haurrekin eta gazteekin lan egiten duten herriko elkarteentzat eta elkarteetako zenbait kiderentzat. Hona hemen zein diren:
1. Itzulpenak gaztelaniatik euskarara eta euskarazko testuen zuzenketa

Gorago genioen moduan, herriko elkarte sinatzaileentzat da zerbitzua. Euskaraz lan egiten laguntzea da helburua, eta mugatxo hauek bakarrik ditu:
bost orrialdeko testuak izan behar dute gehienez.
Lan arruntak hiru egunen buruan entregatzen dira; ez lehenago. Epea luzeagoa ere izan daiteke, lanak zail samarrak izanez gero.


2.- Euskara ikasteko diru-laguntzak

Kalea Maixu! egitasmoko elkarteetako begiraleentzako laguntzak dira. Hauexek dira kondizioak:
Kalea Maixu! egitasmoko elkarteren bateko begirale izatea.
euskaltegiren batean matrikulatzea.
%80ko asistentzia eta aprobetxamendu ona izatea euskaltegian.


Diru-laguntza eskatzeko modua:
Lehenik, diru-laguntza eskatzeko fitxa bete behar da euskaltegian; bigarrenez, elkarteko arduradunari eman behar zaio eskariaren berri; azkenik, Ttakun Kultur Elkarteko Kalea Maixu!ko arduradunari entregatu behar zaio fitxa, behar bezala betea.

3. Begiraleen poltsa

Arlokako begirale-poltsa antolatua du Ttakun Kultur Elkarteak begirale euskaldunak behar dituzten elkarteentzat.

Hona hemen arloen zerrenda:
1. Kirola: futbola, atletismoa, eskubaloia, igeriketa, pilota, saskibaloia...
2. Aisia: denbora librea, eskulanak, umezaintza...
3. Artea: antzerkia, argazkigintza, pintura, dantza, musika (abestiak, gitarra, pianoa...).
4. Hizkuntzak: euskara, ingelesa, frantsesa...
5. Irakaskuntza: informatika, mekanografia...

Ttakun Kultur Elkarteko Kalea Maixu! egitasmoko arduradunarekin jarri behar da harremanetan, begirale euskaldunen zerrenda eskuratzeko.

4.- Aholkularitza

Kalea Maixu! hitzarmenean, hizkuntzazko aholkularitza ere kontuan hartuta dago. Oro har, nolako eskaera halako zerbitzua ematen da. Orain arte, dena dela, bi gai hauen gainean izan dira eskaera gehienak:
a. begiraleen garrantzia, euskararen transmisioan.
b. haurrak elkarrekin euskaraz hitz agiten ohitzeko teknikak.


5.- Euskarazko materiala

Txartelak, inprimaki arruntak, apaingarriak, hiztegiak eta antzeko lanabesak ere jartzen dira elkarte sinatzaileen eskueran, euskaraz lan egiteko bidea errazteko.