Ttakun zer den
Ttakun Kultur Elkartea Lasarte-Orian euskararen
eta euskal kulturaren normalizazioa sustatu nahian dabilen elkartea
da. Egitasmo edo jarduera puntual solte batzuk izatetik, programa,
egitarau eta ekintzez osatutako urteroko programa iraunkor eta irmo
bat izatera iritsi da urteen poderioz.
Programa horren ardatz nagusia, erakunde gehienetan
bezala, giza baliabideetan oinarritua da: ia 500 bazkide, hainbat
boluntario, begirale, kolaboratzaile... Azken batean, lagun-sare
handi baten eta langile finko batzuen artean, egitasmo kalitatez
hobea eta kopuruz osatuagoa betetzen saiatzen gara urtero.
Web-orri honetan, adierazitako hori guztia jasotzen
saiatu gara: helburuak, egitasmoak, programak, ekintzak, giza baliabideak
eta abar. Bestela esanda, garena eta duguna azaltzen ahalegindu
gara.
Bestalde, egitasmoaren oinarri edo motor aipatu
giza baliabideak badira, gure jomuga noizbait Lasarte-Oria euskalduna
ikusteko eta disfrutatzeko parada izatea da. Edonola ere, jomuga
bezain garrantzitsua da Ttakun K.E.arentzat langintza horretan herritar
guztiak bidelagun izatea eta helburua elkarrekin lortzea.
Izan bedi begien bistan duzuen web-orri hau gure
bidaia luze horretan egindako beste urrats garrantzitsu bat. Azkenik,
goza ezazue gure artean zaudeten bitartean!
Herri-onurako elkartea
Hamar urteko jardunean, gizartearen aitorra ez
ezik, instituzioena ere jaso du Ttakun Kultur Elkarteak. Alde batetik,
Lasarte-Oriako
Udalak, erakundea sortu eta pare bat urtera, Ttakunen egitasmoak
hitzarmen bidez diruz laguntzeko konfiantza erakutsi zuen, eta geroztik
ere jokabide bera izan du urtez urte; bestetik, Eusko
Jaurlaritzak eta Gipuzkoako
Foru Aldundiak ere ezagutu dute Ttakun Kultur Elkarteak egindako
lana. Lehenak, Eusko Jaurlaritzak alegia, herriaren onurako erakunde
aitortu zuen 2000ko uztaileko gobernu-bileran, eta izendapen hori
158/2000 Dekretuan dago jasota (EHAA,
165. zk., 2000ko abuztuaren 29koa). Bigarrenak, Gipuzkoako Foru
Aldundiak, Anton Abbadia Saria eman zion 2000. urtean, hau da, euskararen
normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen
jarduna publikoki ezagutzen duen saria. Beraz, urte gutxiko elkartea,
baina, izena ez ezik, izana ere baduen erakundea da Ttakun Kultur
Elkartea.
Topagunea euskara-elkarteen federazioko bazkide
Duela bost urte inguru sortu zen Topagunea
federazioa. Ttakun Kultur Elkarteak hasierako prozesu guztian
hartu zuen parte, eta, behin jardunean jarritakoan ere, federazioko
sail gehienetan ibili da eta dabil lanean.
Ttakun Kultur Elkarteak, hortaz, federazio
horren bitartez bideratzen ditu funtsean, gainerako euskara-elkarteekin
baterako egitasmoak. |